jueves, 24 de diciembre de 2009

aurten aldaketa egongo da Olentzeroren ospakizunean

Getxo guztian zehar lanetan ari dela bistakoa da, baina Algortan bertan leku asko dira lanetan daudenak. Hau izango da aurtengo Olentzeroren erreketaren ohiko lekua aldatzeko arrazoia. Aurreko urteetan, San Nikolas plazan egin izan da beti; baina aurten, Getxo Antzoki berriaren eraikuntzarekin guzti hori erabilezin gelditzen da. Gauza da, noski, Olentzerori merezi duen agurra egin behar zaiola eta antolatzaileek irtenbide ezinhobea bilatu egin dute gaurko gaua aurrekoak bezain magikoak izan dadin. Errekuntza Portu Zaharrean ospatu egingo da kasu honetan, txokolatada eta gainontzeko jarduerek euren leku eta ordu berdina mantentzen duten bitartean. San Nikolas plazako ekitaldia primera egoten da beti, baina egin den leku aldaketak kutsu desberdina emango dio ospakizunari.

Nire ustez, Olentzeroren kondaira itsaso ondoan kontatzeak kutsu erreal eta originala emango dio; Olentzero Euskal Herriko tradizioa delako eta hemen itsasoa oso elementu garrantzitsua baita. Dena primeran irtengo denaren bihozkada daukat, ikusiko dugu beraz!

martes, 22 de diciembre de 2009

abenduak 24, gau berezia



Euskal Herriko beste herrietan bezalaxe, abenduaren 24eko gaua berezia da, oso berezia. Batetik, gau berezia da gabon gaba delako eta jakina delako Euskal Herriko herri guztietan zintzoak izan diren umeak Olentzeroren opariak jasoko dituztelako. Eta bestetik, Algortako herrian ekitaldi eta jarduera bereziak prestatu ohi direlako Olentzerori merezi duen harrera eta agurra emateko. Lehenengo eta behin, Olentzerori harrera egiteko kalejira dago herrian zehar eta hau, Villamonte plazan amaitzen da urtero txokolatada handi batekin. Horren ondoren, San Nikolas plazara mugitzen da jende guztia Olentzerori agurra egitera. Urtero bezala, Olentzerok bere helburua bete du eta hurrengo urterarte agurtzeko ordua da. Horregatik, bertso eta abestien artean eta herritarren begi aditsuen artean, Olentzero erre egiten da.

Algortaren betidaniko ohitura beste urte batez bete ondoren herritar guztiak etxerantz abiatzen dira euren senide eta hurbilekoekin gau berezi eta magiko hori ospatzera.
Momentu garrantzitsua izaten da guztientzako baina haurrek urduritasun berezia daukate, Olentzerok zer ekarriko dien zain.

Opari asko ekar ditzazuela opa dizuet!

domingo, 20 de diciembre de 2009

aurten ez dago figura berezirik metroko plazan...


Urtero, egun hauek heltzen direnean, Getxo apaingarriz jazten da gabonei behar den moduko ongietorria emateko. Komertzio guztiek euren erakustokiak apaindu egiten dituzte batetik; eta kaleak argi distiratsu eta originalekin apaintzen ohi dira bestetik. Horrez gain, zenbait urtetan jarduera bereziren bat egin dute metroko plazan. Pasadan urtean adibidez, artista batek izotzezko jaiotza erraldoia eraiki zuen. Arrigarria izan zen amaituta ikustea; baina zalantzarik gabe itzelena, egunez egun antzeman zitezkeen aldaketak ikustea izan zen. Izugarrizko lana izan zen egilearentzat baina emaitzak pena merezi izan zuen azkenean.

Azken finean, herritarrok artistaren ahalmena ikusi genuen, eta herriarentzako kriston apaingarri kurioso eta originala izan zen.
Aurten baina, ez dute ezer berezirik egin, urteroko argi eta apaingarri berdintsuez gain. Egia esan, pena izan da; baina horrek eskatzen duen esfortzua ikusita ulergarria da.

Beraz aurten konformatu beharko, zer erremedio!

jueves, 17 de diciembre de 2009

Azken orduko plan aldaketa!!!

Kaixo guztioi berriz ere! blogaren hasieran esan nizuen Portu Zaharreko jaiei buruz hitz egingo nuela,eta benetan, hori izan zen nire planteamendua hasiera-hasieratik. Gauza da, nahiz eta jai hauei buruz gauza asko dauden esateko; gai mugatua dela eta egin ditudan sarrera guztien ondoren konturatu egin naiz ez zaidala horren inguruko beste ezer burura etortzen. Hau dela eta, eta blogean idazten jarraitzeko zera pentsatu dut, irakasleak ondo baderitzo: gai apurtxo bat zabaltzea. Lehen Portu Zaharreko jaietara mugatzen zen bitartean, hemendik aurrera Portu Zaharraren inguruko auziak, Getxon ezagunak diren ekitaldiak, Algorta eta inguruetan betidanikoak diren ohiturak... eta orokorrean, herri honen inguruan burura etortzen zaizkidan bitxikeriak igoko ditut.
Eskerrik asko!

domingo, 13 de diciembre de 2009

Publizitateko ikasle batek lehiaketan parte hartu zuen

Aurreko atalean esan nuen bezalaxe, aurtengo kartel lehiaketa berezia izan zen niretzako; bereziki, aurreko urtekoak oharkabe pasatu zirela kontuan hartuta.(hurbileko inor ez zelako aurkeztu)Aurten, beraz, gauza aldatu egin zen. Nire taldeko neska batek, publizitateko ikaslea dena, klaserako egindako lan batean oinarriturik lehiaketan parte hartzea erabaki zuenean. Kartela erakutsi zigunean, guztiok gauza berbera esan genion: apunta zaitez, ikaragarri originala da eta! Gauza zen, lehiaketaren sari banaketarako berak ezin zuela hemen egon eta ondorioz, gu joan ginen bere ordezkaritzat. Oso barregarria izan zen, txapelduna aukeratzeko ekitaldia hasi zen momentutik, hemen gertatzen ari zen guztia jakinarazten geniolako mugikorretik; eta noski, urduritasuna " a flor de piel" esaten den moduan zegoen. Bi sari egon ziren; bata, irabazlearentzat: diru kantitate majoa. Eta bestea, ekitaldia ikusten ari zirenen artean sosketatzen zen: bi pertsonentzako afaria Portu Zaharreko jatetxe ezagun batean. Egia esan, kartelen artean maila altua ikusten zen; eta ikaragarrizko arte lanak aurkeztuak izan ziren. Azkenean, publizitateko ikaslea ez zen garaile atera baina harro egoteko arrazoia zeukan, jendeak bere kartelean askotan erreparatu zuelako eta argazkilari ezagun batek argazkia egin baitzion.

Nahiz eta txapeldun ez gertatu, esperientzia polita izan zen taldekoentzat ere. Neskak bere lana jende mordo batek ikustea lortu zuelako; Hori pausu garrantzitsua izan daiteke etorkizunerako.
Beraz, munduan bidea irekitzeko, nahitaezkoa da horrelako aukerak aprobetxatzea eta nork daki? Beharbada, horrelako batean zorteak zuzen jokatzen du; inork ezin baituelako jakin etorkizunean zer gertatuko den.

sábado, 12 de diciembre de 2009

Kartel lehiaketa...

Nahiz eta zalantzarik gabe jakina den Portu Zaharreko jaiak oso ezagunak direla; urtero momentu garrantzitsua heldu baino apur bat lehenago gure jaiak aurkezteko eta zabaltzeko kartel lehiaketa egon ohi da. Parte hartzeko baldintza bakarrak bi dira: 18 urte baino gehiago edukitzea eta gauza polit eta originala egiten ahalegindu. Parte hartzaile guztiek euren lanak entregatu eta gutxira lehiaketaren sari eta urte bakoitzeko kartel garailea jakinarazteko unea heltzen da. Ekimena arrantzale taberna ondoan dagoen arkupean egin ohi da eta bertan ageri da parte hartu duten kartel guztien espozaketa, nahi duenak ikus ditzan. Herriko jai batzordekoengatik osatua egon ohi den epaimahaiak izango du azken hitza; baina herritarrok gure iritzi eta balorazioak eman ditzakegu ikusten dugunari buruz. Egia esan ekitaldi polita da, herritar asko biltzen dituelako eta benetan lan honak egon ohi direlako urtero. Harrotasun pertsonala eta herritarrek zure lana ikusteaz aparte, sari erakargarriak egon ohi dira, eta horrek ere parte hartzaileen motibaziorako asko laguntzen du beti.

Gainera, aurten niretzako esanahi berezia eduki du lehiaketa honek; kutsu desberdina. Hurrengo sarreran nire taldeko baten esperientzia kontatuko dizuet.
Hurrengorarte, beraz!

miércoles, 9 de diciembre de 2009

Egin nahi dituzten lanekin zer gertatuko da gure jaiekin?

Herri guztietan bezalaxe, gurean ere, hobekuntzak egin daitezen nahi dugu. Horregatik, bertatook oso harro eta ados gaude egin diren aldaketa gehienekin: bidegorriak, jesarleku gehiago, hondartza banatzen duen hormatxoaren zabalkuntza, errepide zabalagoak... Primeran iruditzen zaigu hori egiteko hartu duen erabakia; horrela, Portu Zaharrerako sarrera erraztu eta kirol portutik hona etortzeko bidea askoz hobeago dagoelako orain. Alde horretatik, txapo! Baina herritarron beharrizanak asetzearekin zer ikusirik ez daukana da ulertzen ez dudana. Ez dakit jakingo duzuen baina Portu Zaharreko beheko zelaigune handirako proiektu bat proposatu zen orain dela urte pare bat eta baita hauteskundeetan eztabaidatu ere. Badirudi egun, ez dagoela ezer ziurtaturik arlo horri dagokionez, eta momentuz alde batera utzi dutela. Baina hala eta guztiz ere ez dakit zer gertatuko den azkenean...

Hasierako proiektuak bere baitan hartzen zuena zen, gaur egunerarte Portu Zaharreko jaien inguruko zatirik handiena hartzen zuen zati zabalean talasoterapia zentru bat egitea. Horren barruan, spa eta igerilekuekin batera, gorputzaren inguruko tratamenduak eskainiko liratekeelarik. Baina gauza da, batere beharrezkoa ez den eraikin handi hori altxatuz gero, zer gertatuko litzateke Portu Zaharreko jaiekin? Non ospatuko lirateke? Proiektu horren bultzatzaileek ezin dute inondik ere ahaztu, bertan aurkitzen direla bai txosna guztiak eta bai ezsenatoki nagusia ere; noski, festazale guztiak batzen diren lekua izateaz gain.

Ez dakit zein izango den istorio honen amaiera azkenean; baina argi dagoena da, guretzako, herriaren itxura aurreratua izatea baino; askoz garrantzitsua dela gure jaiak ospatzeko betiko lekua mantentzea.

"Churreria Jesus"


Orokorrean Portu Zaharreko jaietan falta ezin daitekeenaz hitz egiten jardun gara aurreko sarreretan; hala nola, musika-taldeen ekitaldiak, urteroko jeitsiera eta koadrila frogak, "pijama eguna", suzko zezena... Jarduera hauek gabe, noski, jai hauek ez lirateke berberak izango; hori argi baino argiago dago! Baina badago urtero behekaldeko zelaigune zabalean kokatua dagoen eta oharkabe pasatzen den objektua: txurro ikaragarri goxoak saltzen dituen txurro-denda, "Churreria Jesus" ezaguna. Festazale gosetien grina egunero; gau hasieratik hasita, eta eguzkiaren lehenengo izpiak irtetzen diren momenturarte asetzen duena. Zer egingo genukeen hura egongo ez balitz gure sabelaren kexak lasaitzeko? Esan beharra dago, dirudien baino garrantzi handiagoa daukala gure jai hauetan txurro-denda honek. Mmmmm pentsatzean bakarrik txurro dozena bat jateko gura sortzen zait...

Saltzen dituen txurroei eman diet kasu honetan inportantzia gehiago baina esan behar dizuet, denetariko jakiak aurki daitezkeela bertan: patatak, txokolatedun gofreak, freskagarri eta ur-botilak, azukrezko kotoia...
Beraz badakizue non ase zuen gosea hurrengo urteko jaiak heltzen direnean!

martes, 1 de diciembre de 2009

Jaien izar distiratsuena

Munduko gainontzeko zatietan gertatzen den bezalaxe, herri bakoitzeko jaietan beti egon ohi da egun berezia, egun guztietatik erregea dena. Aste Nagusian "El dia grande"; eta hemen, "pijama eguna". Egun hau heltzean herritarrok, sentimendu nahasia eduki ohi dugu urtero: alde batetik poztasuna, bertakook gehien disfrutatzen dugun eguna delako; baina bestetik tristura, horrek esan nahi duelako jaien amaiera ailegatu dela. Blogaren lehen sarreretan komentatu nuen moduan, jaiak irauten duten gainontzeko egunetan arrantzalez jantzia ateratzen da jendea kalera. Eta aldiz, honako egun hauetan, pijamaz janzteko tradizioa dago. Izugarri barregarria izaten da gau horretan ikusten diren piajama originalak; bereziki zenbait mutilek nesken kamisoia daramatenean. Zelako itxura! Horrez gain, momentu ahaztezin eta dibertigarriak bizitzen dira, Portu Zaharreko jaiei amaiera emateko gau magiko horretan. Batzuek diote baita; gainontzeko gauekin konparatuta, gau horretan izar iheskor gehiago ikusten direla. Egia izango ote da?

Hemen daukazue youtube-n aurkitu dudan bideo bat, urte horretako pijama egunean jendea jantzita nola irten zen ikus dezazuen.