jueves, 24 de diciembre de 2009

aurten aldaketa egongo da Olentzeroren ospakizunean

Getxo guztian zehar lanetan ari dela bistakoa da, baina Algortan bertan leku asko dira lanetan daudenak. Hau izango da aurtengo Olentzeroren erreketaren ohiko lekua aldatzeko arrazoia. Aurreko urteetan, San Nikolas plazan egin izan da beti; baina aurten, Getxo Antzoki berriaren eraikuntzarekin guzti hori erabilezin gelditzen da. Gauza da, noski, Olentzerori merezi duen agurra egin behar zaiola eta antolatzaileek irtenbide ezinhobea bilatu egin dute gaurko gaua aurrekoak bezain magikoak izan dadin. Errekuntza Portu Zaharrean ospatu egingo da kasu honetan, txokolatada eta gainontzeko jarduerek euren leku eta ordu berdina mantentzen duten bitartean. San Nikolas plazako ekitaldia primera egoten da beti, baina egin den leku aldaketak kutsu desberdina emango dio ospakizunari.

Nire ustez, Olentzeroren kondaira itsaso ondoan kontatzeak kutsu erreal eta originala emango dio; Olentzero Euskal Herriko tradizioa delako eta hemen itsasoa oso elementu garrantzitsua baita. Dena primeran irtengo denaren bihozkada daukat, ikusiko dugu beraz!

martes, 22 de diciembre de 2009

abenduak 24, gau berezia



Euskal Herriko beste herrietan bezalaxe, abenduaren 24eko gaua berezia da, oso berezia. Batetik, gau berezia da gabon gaba delako eta jakina delako Euskal Herriko herri guztietan zintzoak izan diren umeak Olentzeroren opariak jasoko dituztelako. Eta bestetik, Algortako herrian ekitaldi eta jarduera bereziak prestatu ohi direlako Olentzerori merezi duen harrera eta agurra emateko. Lehenengo eta behin, Olentzerori harrera egiteko kalejira dago herrian zehar eta hau, Villamonte plazan amaitzen da urtero txokolatada handi batekin. Horren ondoren, San Nikolas plazara mugitzen da jende guztia Olentzerori agurra egitera. Urtero bezala, Olentzerok bere helburua bete du eta hurrengo urterarte agurtzeko ordua da. Horregatik, bertso eta abestien artean eta herritarren begi aditsuen artean, Olentzero erre egiten da.

Algortaren betidaniko ohitura beste urte batez bete ondoren herritar guztiak etxerantz abiatzen dira euren senide eta hurbilekoekin gau berezi eta magiko hori ospatzera.
Momentu garrantzitsua izaten da guztientzako baina haurrek urduritasun berezia daukate, Olentzerok zer ekarriko dien zain.

Opari asko ekar ditzazuela opa dizuet!

domingo, 20 de diciembre de 2009

aurten ez dago figura berezirik metroko plazan...


Urtero, egun hauek heltzen direnean, Getxo apaingarriz jazten da gabonei behar den moduko ongietorria emateko. Komertzio guztiek euren erakustokiak apaindu egiten dituzte batetik; eta kaleak argi distiratsu eta originalekin apaintzen ohi dira bestetik. Horrez gain, zenbait urtetan jarduera bereziren bat egin dute metroko plazan. Pasadan urtean adibidez, artista batek izotzezko jaiotza erraldoia eraiki zuen. Arrigarria izan zen amaituta ikustea; baina zalantzarik gabe itzelena, egunez egun antzeman zitezkeen aldaketak ikustea izan zen. Izugarrizko lana izan zen egilearentzat baina emaitzak pena merezi izan zuen azkenean.

Azken finean, herritarrok artistaren ahalmena ikusi genuen, eta herriarentzako kriston apaingarri kurioso eta originala izan zen.
Aurten baina, ez dute ezer berezirik egin, urteroko argi eta apaingarri berdintsuez gain. Egia esan, pena izan da; baina horrek eskatzen duen esfortzua ikusita ulergarria da.

Beraz aurten konformatu beharko, zer erremedio!

jueves, 17 de diciembre de 2009

Azken orduko plan aldaketa!!!

Kaixo guztioi berriz ere! blogaren hasieran esan nizuen Portu Zaharreko jaiei buruz hitz egingo nuela,eta benetan, hori izan zen nire planteamendua hasiera-hasieratik. Gauza da, nahiz eta jai hauei buruz gauza asko dauden esateko; gai mugatua dela eta egin ditudan sarrera guztien ondoren konturatu egin naiz ez zaidala horren inguruko beste ezer burura etortzen. Hau dela eta, eta blogean idazten jarraitzeko zera pentsatu dut, irakasleak ondo baderitzo: gai apurtxo bat zabaltzea. Lehen Portu Zaharreko jaietara mugatzen zen bitartean, hemendik aurrera Portu Zaharraren inguruko auziak, Getxon ezagunak diren ekitaldiak, Algorta eta inguruetan betidanikoak diren ohiturak... eta orokorrean, herri honen inguruan burura etortzen zaizkidan bitxikeriak igoko ditut.
Eskerrik asko!

domingo, 13 de diciembre de 2009

Publizitateko ikasle batek lehiaketan parte hartu zuen

Aurreko atalean esan nuen bezalaxe, aurtengo kartel lehiaketa berezia izan zen niretzako; bereziki, aurreko urtekoak oharkabe pasatu zirela kontuan hartuta.(hurbileko inor ez zelako aurkeztu)Aurten, beraz, gauza aldatu egin zen. Nire taldeko neska batek, publizitateko ikaslea dena, klaserako egindako lan batean oinarriturik lehiaketan parte hartzea erabaki zuenean. Kartela erakutsi zigunean, guztiok gauza berbera esan genion: apunta zaitez, ikaragarri originala da eta! Gauza zen, lehiaketaren sari banaketarako berak ezin zuela hemen egon eta ondorioz, gu joan ginen bere ordezkaritzat. Oso barregarria izan zen, txapelduna aukeratzeko ekitaldia hasi zen momentutik, hemen gertatzen ari zen guztia jakinarazten geniolako mugikorretik; eta noski, urduritasuna " a flor de piel" esaten den moduan zegoen. Bi sari egon ziren; bata, irabazlearentzat: diru kantitate majoa. Eta bestea, ekitaldia ikusten ari zirenen artean sosketatzen zen: bi pertsonentzako afaria Portu Zaharreko jatetxe ezagun batean. Egia esan, kartelen artean maila altua ikusten zen; eta ikaragarrizko arte lanak aurkeztuak izan ziren. Azkenean, publizitateko ikaslea ez zen garaile atera baina harro egoteko arrazoia zeukan, jendeak bere kartelean askotan erreparatu zuelako eta argazkilari ezagun batek argazkia egin baitzion.

Nahiz eta txapeldun ez gertatu, esperientzia polita izan zen taldekoentzat ere. Neskak bere lana jende mordo batek ikustea lortu zuelako; Hori pausu garrantzitsua izan daiteke etorkizunerako.
Beraz, munduan bidea irekitzeko, nahitaezkoa da horrelako aukerak aprobetxatzea eta nork daki? Beharbada, horrelako batean zorteak zuzen jokatzen du; inork ezin baituelako jakin etorkizunean zer gertatuko den.

sábado, 12 de diciembre de 2009

Kartel lehiaketa...

Nahiz eta zalantzarik gabe jakina den Portu Zaharreko jaiak oso ezagunak direla; urtero momentu garrantzitsua heldu baino apur bat lehenago gure jaiak aurkezteko eta zabaltzeko kartel lehiaketa egon ohi da. Parte hartzeko baldintza bakarrak bi dira: 18 urte baino gehiago edukitzea eta gauza polit eta originala egiten ahalegindu. Parte hartzaile guztiek euren lanak entregatu eta gutxira lehiaketaren sari eta urte bakoitzeko kartel garailea jakinarazteko unea heltzen da. Ekimena arrantzale taberna ondoan dagoen arkupean egin ohi da eta bertan ageri da parte hartu duten kartel guztien espozaketa, nahi duenak ikus ditzan. Herriko jai batzordekoengatik osatua egon ohi den epaimahaiak izango du azken hitza; baina herritarrok gure iritzi eta balorazioak eman ditzakegu ikusten dugunari buruz. Egia esan ekitaldi polita da, herritar asko biltzen dituelako eta benetan lan honak egon ohi direlako urtero. Harrotasun pertsonala eta herritarrek zure lana ikusteaz aparte, sari erakargarriak egon ohi dira, eta horrek ere parte hartzaileen motibaziorako asko laguntzen du beti.

Gainera, aurten niretzako esanahi berezia eduki du lehiaketa honek; kutsu desberdina. Hurrengo sarreran nire taldeko baten esperientzia kontatuko dizuet.
Hurrengorarte, beraz!

miércoles, 9 de diciembre de 2009

Egin nahi dituzten lanekin zer gertatuko da gure jaiekin?

Herri guztietan bezalaxe, gurean ere, hobekuntzak egin daitezen nahi dugu. Horregatik, bertatook oso harro eta ados gaude egin diren aldaketa gehienekin: bidegorriak, jesarleku gehiago, hondartza banatzen duen hormatxoaren zabalkuntza, errepide zabalagoak... Primeran iruditzen zaigu hori egiteko hartu duen erabakia; horrela, Portu Zaharrerako sarrera erraztu eta kirol portutik hona etortzeko bidea askoz hobeago dagoelako orain. Alde horretatik, txapo! Baina herritarron beharrizanak asetzearekin zer ikusirik ez daukana da ulertzen ez dudana. Ez dakit jakingo duzuen baina Portu Zaharreko beheko zelaigune handirako proiektu bat proposatu zen orain dela urte pare bat eta baita hauteskundeetan eztabaidatu ere. Badirudi egun, ez dagoela ezer ziurtaturik arlo horri dagokionez, eta momentuz alde batera utzi dutela. Baina hala eta guztiz ere ez dakit zer gertatuko den azkenean...

Hasierako proiektuak bere baitan hartzen zuena zen, gaur egunerarte Portu Zaharreko jaien inguruko zatirik handiena hartzen zuen zati zabalean talasoterapia zentru bat egitea. Horren barruan, spa eta igerilekuekin batera, gorputzaren inguruko tratamenduak eskainiko liratekeelarik. Baina gauza da, batere beharrezkoa ez den eraikin handi hori altxatuz gero, zer gertatuko litzateke Portu Zaharreko jaiekin? Non ospatuko lirateke? Proiektu horren bultzatzaileek ezin dute inondik ere ahaztu, bertan aurkitzen direla bai txosna guztiak eta bai ezsenatoki nagusia ere; noski, festazale guztiak batzen diren lekua izateaz gain.

Ez dakit zein izango den istorio honen amaiera azkenean; baina argi dagoena da, guretzako, herriaren itxura aurreratua izatea baino; askoz garrantzitsua dela gure jaiak ospatzeko betiko lekua mantentzea.

"Churreria Jesus"


Orokorrean Portu Zaharreko jaietan falta ezin daitekeenaz hitz egiten jardun gara aurreko sarreretan; hala nola, musika-taldeen ekitaldiak, urteroko jeitsiera eta koadrila frogak, "pijama eguna", suzko zezena... Jarduera hauek gabe, noski, jai hauek ez lirateke berberak izango; hori argi baino argiago dago! Baina badago urtero behekaldeko zelaigune zabalean kokatua dagoen eta oharkabe pasatzen den objektua: txurro ikaragarri goxoak saltzen dituen txurro-denda, "Churreria Jesus" ezaguna. Festazale gosetien grina egunero; gau hasieratik hasita, eta eguzkiaren lehenengo izpiak irtetzen diren momenturarte asetzen duena. Zer egingo genukeen hura egongo ez balitz gure sabelaren kexak lasaitzeko? Esan beharra dago, dirudien baino garrantzi handiagoa daukala gure jai hauetan txurro-denda honek. Mmmmm pentsatzean bakarrik txurro dozena bat jateko gura sortzen zait...

Saltzen dituen txurroei eman diet kasu honetan inportantzia gehiago baina esan behar dizuet, denetariko jakiak aurki daitezkeela bertan: patatak, txokolatedun gofreak, freskagarri eta ur-botilak, azukrezko kotoia...
Beraz badakizue non ase zuen gosea hurrengo urteko jaiak heltzen direnean!

martes, 1 de diciembre de 2009

Jaien izar distiratsuena

Munduko gainontzeko zatietan gertatzen den bezalaxe, herri bakoitzeko jaietan beti egon ohi da egun berezia, egun guztietatik erregea dena. Aste Nagusian "El dia grande"; eta hemen, "pijama eguna". Egun hau heltzean herritarrok, sentimendu nahasia eduki ohi dugu urtero: alde batetik poztasuna, bertakook gehien disfrutatzen dugun eguna delako; baina bestetik tristura, horrek esan nahi duelako jaien amaiera ailegatu dela. Blogaren lehen sarreretan komentatu nuen moduan, jaiak irauten duten gainontzeko egunetan arrantzalez jantzia ateratzen da jendea kalera. Eta aldiz, honako egun hauetan, pijamaz janzteko tradizioa dago. Izugarri barregarria izaten da gau horretan ikusten diren piajama originalak; bereziki zenbait mutilek nesken kamisoia daramatenean. Zelako itxura! Horrez gain, momentu ahaztezin eta dibertigarriak bizitzen dira, Portu Zaharreko jaiei amaiera emateko gau magiko horretan. Batzuek diote baita; gainontzeko gauekin konparatuta, gau horretan izar iheskor gehiago ikusten direla. Egia izango ote da?

Hemen daukazue youtube-n aurkitu dudan bideo bat, urte horretako pijama egunean jendea jantzita nola irten zen ikus dezazuen.


jueves, 26 de noviembre de 2009

Festazale berezia...


Badago herrietako jai gehienetan aurki daitekeen animali festazale bat. Jaien kontestutik kanpo, animali beldurgarri eta basati moduan ikustera ohituta gaude baina, kasu berezi hauetan erabat desberdina den ikuspuntu batetik begiratzen dugu. Nahiz eta San ferminetan protagonista eztabaidagarriak izan, gainontzeko jaietan ere ezin zaie meriturik kendu.
Nori buruz hitz egiten nago? Noski, suzko zezenari buruz!Gauari hasiera egokia emateko ezin falta daitekeen pastelaren ingredientea da; Horren harira, zer da hegaluzerik gabeko marmitako bat? Horrek ez dauka zentzurik! Gainera, ume, gazte eta helduek elkarrekin disfruta dezaketen jarduera da. Portu Zaharreko jaietan, lehen komentatu dugunaz gain, beste arrazoi batengatik da berezia. Zezenaren oskolaren barruan doana, hau da, zezenari bizitza ematen diona; Algortan soberan ezaguna den "Guzurti" dugu, gizon xelebrea begiratzen diozun partetik begiratzen duzula.(udan,zenbaitetan oinutsik joan ohi da kaletik naturalitate osoz...zergatik ez?) Honek bai Algortan, bai Portu Zaharrean suarekin erlazioa duen edozein gauza antolatzen du; herrian ezaguna den piroteknia-taldearen eskutik. Jaien parte diren hainbat jardueren protagonista izan ohi da urtero: suzko zezena, txupinazoa, traka, koadrilen jeitsierako suziriak...
Herritarrengandik oso pertsona maitatua bihurtu da urteen poderioz, eta beraz, jaien nahitaezko osagaia.

sábado, 21 de noviembre de 2009

Guaitos? "De Algorta de toda la vida!"

Bertako ohiturak izan ohi dira herri baten itxura edo kualitateak eraikitzen dutenak. Herri bakoitzean bizi direnen perfila ere horren tradizioak eragindakoa izaten da normalean; baita, historian zehar eman diren gertakizunei erreparatuz, kanpokoek sortu dutena.
Getxo ez da ba, gutxiago izango. Jakina da, noski, inguruko herritarrek Getxori ere "pijolandia" deitzen diotela, dirudienez, zenbait zatitan familia aberats ugari bizi direlako "chalet" eta jauregi handietan. Antzinatik bilbotarrak "txirene"/"botxero" bezala ezagutzen diren lez, getxotarroi ere goitizen bat jarri ziguten, eta nahiz eta gaur egun hain erabilia ez izan, gure herriaren historiaren barruan gordetzen da: "Guaitos". Ikusi zer aurkitu dudan Algortari buruzko blog batean:

"Algorta es un barrio con alma de pueblo, en la Anteiglesia y Municipio de Getxo. Denominado "el pueblo bonito". Sin duda es el pueblo más bonito del mundo... Los algorteños "guaitos, alambreros, cabileños, tangoreños" desde tiempos inmemoriales suelen decir que son "De Algorta de toda la vida..." Y eso les confiere a estos lugareños un status privilegiado que antaño era su aldeanismo y popularidad. El típico algorteño es chirene, dado a la embarcada, a la mentira, al engaño y a la broma..."

Beraz, Bilboko xelebreei "txirene" deitzen dieten moduan, Getxon ere halako ezizena darabiltela ikusten da. Horrekin batera, "de Algorta de toda la vida" direla esateko hainbat sinonimo erabiltzen da: guaitos, alambreros, cabileños, tangoreños...

Hurrengoan, hain goitizen kuriosoaren inguruko historia kontatuko dizuet; bada, hurrengorarte

martes, 17 de noviembre de 2009

Aste Nagusia eta Portu Zaharreko jaiak gero eta gertuago...

" Marijaia gora, gure Marijaia Bilbora etorri da Aste Nagusira..." Nork ez du entzun noizbait abesti hau? Hauxe, Athletic-ekoarekin batera Bilboko himnoa kontsidera daiteke. Aste Nagusian zehar ezinezkoa izaten da abesti honek daukan erritmoaz ez kontajiatzea. Bada, nahiz eta munduan hain ezaguna ez izan, gure herrian ere pertsonai sinboliko bat daukagu, Portu Zaharreko ohitura eta historia osatzen duena. Zein? "TXO". Zuen buruan ideia orokor bat sor dezazuen, arrantzalez jantzitako txorimalo antzekoa da; hortik "txo". Oker ez banago, aurten izan da Marijaiaren erreketa zertxobait aldatu den lehen urtea. Orain arte, panpinaren erreketa gauzatzen zen herritar fidelek agurra ematen zioten bitartean, besterik gabe. Baina 2009.urtetik aurrera, egiten zaion harrera moduko agurra merezi duela erabaki dute jaien arduradunek. Hauxe da Portu Zaharreko jaiekin lotzen duena. Txoa-ari agurra emateko erabiltzen den prozesua Bilbon egiten hasi denaren oso antzekoa da. Bi diferentzia daude hauen artean: panpina eta bitartekoa. Hain desberdinak diren bi jai hauek antzeko moduan bukatuko dira aurrerantzean; panpinari agurra esanez, hau, uretatik urrunduz, desagertzen den arte. Bilbon, itsasadarretik eta Algortan, aldiz, kaiatik hondartzara.

Hemen gauza bat argi dago: bi jaien antolatzaileak haien protagonistari agurtzeko era berezia bilatu nahi izan dutela eta bat egin dute haien aukeraketan. Kuriosoa, ezta?

sábado, 14 de noviembre de 2009

BuRdInEzKo ArRaNtZaLe BiKoTeA


Portu Zaharreko behekaldean dagoen enparantza ezagun egiten duen tabernak "arrantzale" du izena. Plaza horretatik, portuko kaiara ailegatzeko jeitsi behar diren eskailerak baino zertxobait lehenago, eskuinaldean, burdinezko arrantzale bikote itxuroso bat aurki daiteke. Blog honen hasieran komentatu nuen bezala, Portu Zaharrean betidanik egon da arrantzaleen ohitura. Horrela ba, antzina bertako portutik arrantza egitera ateratzen zirenen omenaldi gisa daude horiek han ipinita. Argazkian ikus daitekeen moduan, emakumeak lortutako arrain guztiak sartzeko saskia daraman buruan; eta soinean daraman arropa, antzina portuan lan egiteko eramaten zutena da. Gizonak, ordea, arrantzan irtetzeko txalupa gidatzeko arraunak darama sorbaldan; eta ikusten denez, portuan egunero aritzearen ondorioz lortutako bularrak antzeman ahal zaizkio, gizon indartsuaren itxura emanez.


Portu Zaharraren historia eta ohituretan oso garrantzitsua da irudi hau; betidanik txoko horretan paratuta egon delako eta gainera, kai ingurura goiko partetik hurbiltzen zaren bakoitzean derrigorrez ikusten dituzulako. Beraz, Portu Zaharraren parte bilakatu da.


Hurrengoan, gehiago!

lunes, 9 de noviembre de 2009

Urtero egon ohi diren aktuazio paregabeak

Gauero, gazteentzako momentuaren parte den suzko zezena bukatu ostean, helduentzako tartea hasten da. Hain ezaguna den zabaldegi horretan, hurbiltzen direnek musikaz disfrutatzeko zenbait taldeek antolatzen dituzten txosnekin batera, taldeen aktuazioak egon ohi dira eszenatoki nagusian. Mota desberdinetako taldeak kontratatzen dituzte urtero: erromeriak, pop-rock taldeak, momentu horretaraino ezagunak ez ziren taldeak... Portu Zaharreko jaien historian zehar parte hartu izan dutenen artean hauek dira lehenengo batean burura etortzen zaizkidanak: "amayur", "besterik gabe", "akelarre", "ukabilkada"... Orokorrean arrakasta handia eduki ohi dute ekitaldi hauek, gaueko zati handian zehar musika eskaintzen dutelako. Akelarre taldeak pasadan urtean eskainitako kontzertuaren bideo bat uzten dizuet hemen...

adin guztientzako jarduerak...

Azken sarreretan zehar, koadrilek txapelketan parte hartzeko egin beharreko frogen inguruan hitz egin dugu. Baina koadrila horien partaide ez direnak zer? Haientzat ere zeregina dago, noski! Jaiak irauten duten lau egunetan, jarduera ugari egon ohi da egunaren momentu guztietan. Goizean goiz, umeentzako puztarri eta jolasak egon ohi dira portu zaharreko aldapa erdian; Eguerdi aldera, helduentzako marmitako txapelketa arrakastatsua egon ohi da urtero eta sabela bete ondoren, janaria jeisteko erromeria antzekoa antolatzen da. Bertan, ausartek haien dantzaren inguruko ezagutzak aurkezten dituzte eta besteek inguruan geratzen dira musikaz gozatzeko. Arratsaldean, jan eta gero, gazteentzako ginkana modukoa antolatu ohi da aldapa erdian dagoen kioskoaren eremuan. Gazteek ere gauaz disfrutatzeko aukera eduki dezaten ere, haur-zinema eskaintzen ohi du udaletxeak, film infantil ezagunenak aurkeztuz.
Jarduera guzti hauen ostean, gazteek gehien disfrutatzen duten momentua heltzen da: gaua.


Beraz, ikusten denez, festazale guztientzako aukera anitzak daude lau egunetan zehar, bakoitzak nahiago duen eskaintza aukeratuko duelarik; nire aukera... nabaria da ezta?

domingo, 8 de noviembre de 2009

" play back" ezaguna

Txapelketako garailea zein koadrila den erabakitzeko azken pausoa da. Jaietako azken bi egunetan izaten ohi da froga hau eta gaueko festa hasi baino lehen, derrigorrezko ohitura izaten da eszenatoki nagusira begira eseri eta ekitaldiaz gozatzea. Froga honetan koadrila bakoitzak bere aktuazio propioa antzeztu behar du herritar guztiten aurrean. Aktuazioek ez dute lehen eguneko jaitsierarekin zer ikusirik eduki behar, eta normalean urte horretako kanta edo telesaien bitxikeriekin erlazionaturik egoten dira. Egiten dituzten antzerkiak mota askotakoak izan ohi dira: modan dagoen kanta baten antzespen edo koreografia, haien istorio propioaren antzespena, (beti umore kutsuarekin)momentu horretan polemika izan duen pertsonai famatu baten imitazioa... Gauza da, gau hura berezia izaten ohi dela; "pijama eguna" bezainbeste ez bada ere. Gainontzeko beste egunetan festa beranduago hasten bada, gau horretan festazale guztiak lehenago jeisten dira bokata eta guzti azken froga primerako ikuspegitik ikusteko. Bilboko Aste Nagusian adibidez, herritar guztiak biltzen diren momentuetako bat su artifizialen jaurtiketa izaten da; gure kasuan, bada,momentu hau izan ohi da; sokamuturra, antzarrak eta koadriletako jeitsierarekin batera. Gaueko festari hasiera emateko era ezinhobea izaten da eta horregatik datozen urteetan azken froga hau ikustera animatzen zaituztet!

miércoles, 4 de noviembre de 2009

bai edo ez, itsasaldiaren arabera...


Portu Zaharreko jaietan ohikoak diren koadrilentzako frogen artean, ia denak urtero antolatzen dira 100% ziurtasunarekin, bat izan ezik: antzarrak. Honako froga hau, sokamuturrarekin batera jende gehien biltzen duena izaten dela esatera ausartuko nintzateke; bi kasuetan jaietarako eraikitzen diren armailak bete-beteak egoten direlako eta, kaiaren inguruko eremuan ere oso zaila izaten da lekua aurkitzea goiz jeitsi ezean. Euskal herriko beste hainbat herrietan ere ospatu ohi da; adibidez, Lekeition. Antzina, froga hau egiten hasi zirenean, benetazko ahateak erabiltzen zituzten eta froga aurrera zihoan bitartean gixajoak hil egiten ziren. Zorionez, gaur egun herri gehienetan saku edo poltsa antzekoa erabiltzen da; erabilpen berdina egiten duena baina noski, izaki bizidun baten zentzugabeko hilketa saihestuz. Lehen esan bezala, froga hau ospatu egingo da itsasaldiaren arabera. Gertatu izan da, zenbaitetan ospatu ezin izatea; kasu horietan bi konponbide asmatu zituzten: edo besterik gabe koadrilako kideei beste frogetan lortutako puntuen arabera baloratzen zitzaien; edo bestela, horren ordez, momentuan erabakitako beste txapelketa antolatzen zen. Nik gogoratzen dudala, bitan gertatu izan da ospatu ahal ezin izatea: orain dela 5 urte edo, eta aurtengoa. Egia esan pena handiarekin hartu genuen berria hasieran, azken finean, gure jaien froga izarra delako; baina gehienetan, horren ordez planteatzen diren frogak oso entretenigarriak izan ohi direnez, ez da hainbesterako izaten.

Zuek animatuko zinatekete lehenengo begiradan erraza dirudien froga honetan parte hartzen?

jueves, 29 de octubre de 2009

Koadrilen jeitsiera mitikoa...

Euskal Herriko jai gehienei hasiera emateko erabiltzen den metodoa "txupinazoa"rena da. Baina Portu Zaharreko jaietan Algortan ez bezala, ez da metodo hori erabiltzen. Zein orduan? Koadrilen jeistsiera! Maria Cristina kaletik Portu Zaharreraino. Koadrilen jeitsiera bukatu eta gero esan daiteke Portu Zaharreko jaiak hasi egin direla. Herritar guztiak biltzen dira ibilbide osoan zehar, Algortako errepide, enparantza eta aldapa guztiak okupatuz. Argi dago jaiei hasiera emateko eta herritarren gozamenerako antolatzen dela hau baina, gainera, txapelketa orokorraren lehenengo froga da. Horregatik koadrila bakoitzak beren imaginazio eta baliabide guztiak erabili behar dituzte, bereziki, epaimahaiaren aurrean primeran gelditzeko. Izugarria da zenbaitek zelako itxura eta istorio asmatzen duten... Logikoa denez, iritzi desberdinak sortzen dira, froga honetan koadrila irabazlea zein izango den erabakitzeko; baina azkenean , epaien baitan egongo da erabakia. Urtero, asko dira aurkezten diren taldeak eta horregatik oso zaila da guztien aktuazioak gogoratzea. Hala eta guztiz ere badago beti, buruan gelditzen zaizun batenbat, adibidez, originala izateagatik;eta nire kasuan hauek dira: super mario bross-en bideo jokoa, ume txikien "tio-biboa", (gorputzetik kable batzuk zintzilik zeramatzala) titanic filmaren parodia, afrikako tribuak imitatuz egiten dituztenak, "El conquistador del fin del mundo" telesaiaren parodia...

Aipatutako zenbait momentu biltzen dituen bideo bat aurkitu dut...


Ohitura handiko frogak...

Herri bateko jaiak heltzen direnean sentimendu eta erreakzio ezberdinak agertzen dira. Horien artean daude, zalantzarik gabe, ondo pasatzearen eta lagunekin elkartzearen sentimendua. Baina horrekin batera, urtero, herriko betidaniko ohiturak lantzen duten jardueren antolaketa ematen da herritarren partetik. Portu Zaharrean ere berdin gertatzen da. Urtero, herritarren partaidetza eskatzen duten hainbat jarduera antolatu ohi dira; antzina, Portu Zaharreko lehenbiziko jaiak ospatu zirenean egiten ziren berberak. Horien artean jende gehien biltzen dutenak hauek dira: koadrilako jaitsiera, koadrilak egin beharreko herri-frogak, sokamuturra, antzarrak, marmitako txapelketa, koadrilen aktuazioak(play back...

Hurrengo sarreretan zehar, aurrean aipatutako jardueren inguruan sakonduko dugu, bakoitzean egon ohi diren bitxikeriak aipatuz.

sábado, 24 de octubre de 2009

Zelako pertsonaiak...

Beharbada, Euskal Herriko beste hainbat herrietan ere pertsonai xelebreak egongo dira. Gurean hala da. Pertsonai xelebreak diodanean, benetazko pertsona edo "de carne y hueso" esaten den modukoei buruz ari naiz. Bestela, Portu Zaharraren historian ahaztezinak diren "Txo" eta goiko partean kokaturik dagoen arrantzale bikotea aipatu beharko nituen.(Aurrerantzean hitz egingo dugu haiei buruz)



Bi dira Portu Zaharra entzutean burura datorkizkit pertsonak: Carolo eta Jontxu. Bi pertsona oso ezberdinak direnez gero, banan-banan aurkeztuko dizkizuet.




  • Batetik Carolo dago, betidanik bertan bizi izan den agurea. Honek Portu Zaharrak eduki dituen zenbait aldaketa eta aurrerapenen lekuko izan da seguraski. Adjektibo bat ematekotan xelebrea, bitxia izango litzateke. Portu Zaharretik gora eta behera ibili ohi da beti eta handik dabiltzan koadrila gazteak agurtu eta burla egiten die. Hauek soberan ezagutzen dute agurea eta horregatik haren hitzak humorez hartzen dituzte. Nire amak kontatu didanez, berak nire adina zeukanean ere horrelakoa zen, eta beraz esan daiteke betidanik zaharra izandako mito modukoa dela Portu Zaharrean.



  • Jontxu edo "El mariachi del puerto viejo" dugu bestea. Carolo baino askoz gazteagoa denez, historia gutxiago egotzi dakioke. Mutiko gazte honi izugarri gustatzen zaio kantatzea(bereziki Mexikoko rantxerak badira) eta herri inguruan antolatzen diren ekitaldietan, aukera dagoenean ezsenatokira igo eta bere abestia kantatzen hazten da.(Bere abestia?) Bai horixe! Hain da ezaguna herrian zehar, ezen abesti propio bat sortu da bere omenez(es jontxu, es jontxu el mariachi del puerto viejo...). Mutil oso jatorra da Jontxu eta herritarren onespena lortu du. Getxo eta inguruko herrietako jaietara hurbiltzen bazarete( Bilbon ere) beharbada hantxe ikusiko duzue jai batzordearen kideekin batera.


Bere abesti famatuaren bideoak pena merezi du...






Sakonago ezagutzeko bisitak...

Logikoa den moduan, Getxotarrak eta bereziki Algortakoak garenontzat balio berezia hartzen dute jai hauek. Beharbada, gure herrian bertan ospatzen direlako eta horrekin batera, urtero herriko betiko ohiturei erreferentzia egiten dietelako. Egia esan, izugarriak iruditzen zaizkigu eta bukatzen diren momentutik hurrengo urtekoak berriro hel daitezen irrikaz gaude.


Baina gure jai hauekiko zalantzagabeko ahulezia eta beste herrietatik datozenek adierazten duten onarpen eta ongizatea alde batera utziz, eremu pribatu eta serioago batetik ere antzeman daiteke Portu Zaharreko jaiekiko mirespena. Beste egunean interneteko beste blog batean ikusi ahal izan nuenez, Portu Zaharrera bisita moduak antolatzen dabiltza Diputazioak eta Europako Komunitateak. Hauetan, betidanik itsaso herria izan denaren paisai eta intereseko guneak ezagutzeaz aparte, jai hauen inguruko historia eta ohiturekin erlazionaturiko informazioa partekatuko da.


Beraz, zalantza gabe esan daiteke herri txiki honek jendearengan eragin positiboa izan duela. Ekimen honi buruzko informazio gehiago nahi izanez gero http://puertoviejodealgorta.blogspot.com/ en aurkituko duzue. Nire partetik ezer gehiagorik ez. Herri arrantzale honen inguruko berezitasun eta bitxikeri gehiago ezagutzeko aukera izango duzue blog honetan zehar.

Agur eta ongi ibili.

domingo, 18 de octubre de 2009

Nolatan izenburu hau?


Munduko zati guztietan ospatzen dira betidanik herri eta hiriko jaiak, eta herri bakoitzean ohitura eta jarduera desberdinak daude kulturaren arabera. Zenbait herrietan jaiak irauten duten bitartean jantzi konkretu batekin irtetzen dira kalera, gehienetan, herriaren historiarekin zuzenki erlazionatuta dagoelarik.


Euskal Herriko jai askotan arrantzalez janzteko ohitura dago; jakina denez, hemen beri egon delako arrantzaren ohitura handia.




Gure Portu Zaharreko jaietan ere, arrantzalez irtetzeko ohitura daukagu lehen hiru egunetan zehar. Baina hemen, eta hau da Euskal Herriko beste jaiengandik desberdintzen gaituena; azken eguna "pijama eguna" ospatzen da.




Betidanik azken egunean, jendea pijamaz jantzita ateratzen da kalera; gizonek nesken kamisoiak eraman ohi dutelarik, eta neskek aldiz, gizonen erara. Jarraitu beharreko ohitura izateaz aparte, oso barregarri suertatzen da jendea gisa horrekin jantzia ikustea, benetan gauza kuriosoa delako.




Hau guztiagatik bururatu zitzaidan blogari izenburu hau jartzea; bai arrantzalez jantzita, bai pijamaz jantzita primeran pasatzen dugulako eta herrian zehar juerga izugarria antolatzen delako.




Horra hor azalpena...

jueves, 15 de octubre de 2009

txoko berezia...

Egia da, berez, Algorta eta Portu Zaharreko jaiak herri berberaren barruan ospatzen direla; baina aldiz, giro gehiena dagoen eremua edo "jai-txokoa" nolabait esateko ez da berdina. Nahiz eta urtero Portu Zaharreko jaiei hasiera ematen dien koadrilako jeitsiera(blog honetan zehar horretaz sakonago hitz egingo dugu) Algortako goikaldeko partean hasi, jaien epizentroa behekaldean dago, kaiaren ondoan. Logikoa den bezala, gure adinekoei interesatzen zaien momentua, gaua, itsaso ondoko zelaigune handian kontzentraturik egoten da. Baina egunaren gainontzeko orduetan umeentzako jarduera eta helduentzako ekitaldiak ospatu ohi dira Portu Zaharreko aldapa luze eta tabernetan.

Horrela, jaietara hurbiltzen direnen atentzioa bereganatzea lortzen duten bi puntu nagusi daude: Portu Zaharreko kaia, koadriletako froga eta bainu bat hartzera ausartzen direnen erabilerarako; eta gainontzeko eremua zabala, non musikaz blaitzeko txosnak, kontzertuak ospatzeko eszenatokiak eta festazaleen multzoak aurkitzen diren.



Betidanik han ospatu egin dira Portu Zaharreko jaiak, eta herri txiki baten ohitura izatera heldu da. Horregatik orain, bertako eremua okupatuko duen proiektu berriaren inguruko zurrumurruak irten direnean, herritarron desadostasuna nabaria da.



Hurrengo sarreran, proiektu honi buruzko informazio sakonagoa agertuko da, horrek herritarrengan sortu dituen eragin desberdinekin batera.



Besterik gabe, hurrengorarte!

miércoles, 7 de octubre de 2009

gaizki ulertuak ekiditzeko...


Bigarren sarrerako testuari erreparatuz, kalimotxoa(ardoa+coca-cola) Algortako Portu Zaharreko jaietan asmatu egin zen? EZ. Aurrekoan publikaturiko informazioa guztiz egia da baina badago errakuntzara ekar gaitzakeen esaldi bat: "Dirua lortzea oso garrantzitsua zen eta horregatik errakuntza batengatik garraztuta zegoen ardoa coca-colarekin nahasi behar izan zuten."

"Kalimotxoa" izenaren sorterria Getxoko Portu Zaharra da baina aldiz, nahasketaren sortzaileak ez daude batere argi. Honek zer esan gura du? 1972ko abuztuaren 12a baino lehenago, nahasketa edari moduan erabiltzen zela Bilbon, baina esan genezake garai horretan, oharkabean igaro zuela.

Esan bezala, 60ko hamarkadaz geroztik edari hori existitu izan da Bilbon baina "Rioja libre" izenarekin. "Serantes" tabernan eskura zitekeen, musikaren erritmoaz jendeak dantza egin zezan, "mover el esqueleto" esaten dena.

Hau guztiagatik, kalimotxoaren sorreraren bertsio desberdinak aurki daitezke toki guztietan, baina desberdintzen jakin behar ditugu. Getxoko Portu Zaharrean izena asmatu zen baina lehendik Botxoan, zapore kurioso hori aurki zitekeen.

Egon daitezkeen errakuntzak galarazteko eta informazioa den bezala bereganatzeko idatzi nahi izan dut hau.


Hurrengoan Portu Zaharreko jaiekin zuzenkiago erlazionaturiko edukiekin jarraituko dut hausnarketa.

Besterik gabe, hurrengora arte!

martes, 6 de octubre de 2009

Sarrera




Nire blogari hasiera emateko honako galdera etorri zait burura: nor ez da noizbait etxera itzuli kamiseta kalimotxoz zikindua duela? Ziur nago hau irakurrita gehienok identifikatuta sentitzen zaretela. Baina hemen egin beharreko galdera hauxe dugu: ba al dakizue benetan non sortu zen "kalimotxoa" izena? Bai horixe, Portu Zaharrean!! Gure herri txiki honetan beti kontatu izan denez, orain dela urte asko,1972ko abuztuaren 12an gertatu zen. Bi lagunen homenean jarri zioten edari honi daukan izena; Kali eta Motxo. Urtero, jai batzordeak herrian zegoen txosna bakarraz arduratzeko koadrila bat hautatzen zuen eta urte horretan "antzarrak" taldeko gazteei zegokien(horko partaideak ziren Kali eta Motxo). Dirua lortzea oso garrantzitsua zen eta horregatik errakuntza batengatik garraztuta zegoen ardoa coca-colarekin nahasi behar izan zuten. Hain handia izan zen herrikoen artean izandako arrakasta, ezen pixkanaka-pixkanaka Bilbotik zabaltzen hasi zen eta ondoren txoko guztietara. Zein gauza kuriosoa!!




Hurrengoan bitxikeri gehiago...

domingo, 4 de octubre de 2009

Ongi etorri!!

Kaixo guztioi! Ainhoa naiz, kazetaritza bigarren mailako ikasle bat. Klaseko ariketa moduan blog bat sortu eta osatzen joatea eskatu digute lauhileko osoan zehar. Hau izango da nirea, eta izenburuari erreparatuz argi eta garbi ikusten ez den arren, hain ospetsuak diren Portu Zaharreko jaiei buruzkoa izango da. Eta horrela, lauhilekoan zehar, jaia hauen anekdota barregarriak, pertsonai xelebreak, egon ohi diren jarduerak eta hain ezaguna den "pijama egunari" buruzko zenbait zertzelada agertuko dira. Horrekin batera, eta blogari ikutu dinamiko bat emateko asmoz, bertan egiten ohi diren frogak( sokamuturra, antzarrak, koadrilako jeitsiera ...), taldeen aktuazioak eta orokorrean, burura etortzen zaizkidan momentu onenen bideo eta argazkiak ere. Besterik gabe espero dut interesgarria eta zuen gustokoa gertatzea eta zuen ekarpen eta iritzi pertsonalak gaineratzea.