miércoles, 13 de enero de 2010

Argazki zaharren erakusketa

Getxon, zorionez, urtero-urtero errepikatzen diren hainbat ekitaldi ditugu; herritarren interes eta hurbiltzeagatik arrakasta handia izan ohi dutelako. Argazki zaharren erakusketa horren adibide argia da.
Urtero, iraileko azken egunetan, antzinako oroipenaz blaitzen da Algortako metroko plaza.

Oso polita izaten da jendea argazkietan erreparatuz denbora dezente gelditzen direla ikustea. Nagusien aurpegietan nabari den zoriontasun eta nostalgia kutsua begiztatzea ikaragarria da; konturatzen zarelako argazki horiek beraientzako denbora-makina antzekoak direla eta momentu mugatu batez, berriro haien garaietara bidaiatzen ari direla.

Herritik bueltatxo bat eman edo enkargu batzuk egitetik etxerako bidean argazkien esposizioa dagoela ikusten dudanean, badakit gutxienez ordu erdi argazkiak begiratzen geldituko naizela eta beraz, lehenago etxera bueltatzeko nuen pentsamendua pixka bat atzeratuko dela. Gauza da, denbora hori horretan ematea pena merezi duela; bereziki, argazkietako batean guraso edo aiton-amonak ikusi eta ondoren, etxean komentatzeko beta dagoenean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario